ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA.
I. Kapitulua: Izaera eta Egitate Ezargarria
1. artikulua.
1. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga zuzeneko zerga bat da, Lazkaoko udalerrian dauden onibarren balioa zergapetzen duena.
2. Ondasun higiezin hiritar eta landatarren gainean ondoko eskubideen titular izateak eratzen du zergaren egitate ezargarria:
a) Administrazio emakida baten titular izateak ondasun higiezinen gainean edo haiei atxikita dauden zerbitzu publikoen gainean.
b) Azalera eskubide erreal baten titular izateak.
c) Gozamen eskubide erreal baten titular izateak.
d) Jabetza eskubidearen titular izateak.
3. Aurreko apartatuan adierazitako egitate ezargarrietako bat bertan ezarritako hurrenkeran gauzatzeak berarekin ekarriko du ondasun higiezina ez gelditzea apartatu horretan jasotzen diren beste modalitateei lotuta.
4. Ondasun higiezin bat udalerri desberdinetan kokatuta badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da horietako bakoitzekoa izango dela dagokion udalerrian hartzen duen azaleraren arabera.
2. artikulua.
Zerga honi dagokionez, hiri ondasun higiezintzat honakook hartuko dira:
a) Lurzoru hiritarra, antolaketako udal arauek deklaratutako lurzoru hiritargarria, lurzoru hiritargaia eta Autonomi Elkarteko legeek horrekin parekatu dutena Estatuko legeetan lurzoru hiritargaiaren hirigintzako ezaugarriak izateagatik.
Halaber, ondasun higiezin hiritartzat hartuko dira bide zoladura edo espaloiak dituzten lurrak eta, gainera, estolderia, ur hornidura, argindar hornidura eta argiteria publikoa dituzten terrenoak nahiz hiri izaerako eraikuntzek hartuta daudenak.
Nekazaritzako legerian xedatutakoaren aurka zatikatzen diren terrenoak ere horrelakotzat hartuko dira, beti ere zatikapen horrek lurren nekazaritzako erabilera aldatzen badu. Horrek, ordea, ez du nekazaritzako izaera eraldatuko zerga honenak ez diren beste ondorio batzuetarako.
b) Hiri eraikuntzak, hurrengo hauek hartuko direlarik horrelakotzat:
1. Eraikinak, eraikitzeko erabili diren osagaiak, kokatuta dauden lekuak, jasoak diren lurzoruaren mota eta izango duten erabilera edozein direlarik ere, eraikieragatik garraia badaitezke ere eta kokatuta dauden lurra eraikuntzaren jabearena ez bada ere eta, beraien berdineskarri diren merkatal eta industria instalazioak, hala nola dikeak, biltontziak eta kargatokiak.
2. Hiritartu eta hobetzeko obrak, hala nola lur berdinketak eta estali gabeko eremuak erabiltzeko egiten direnak. Halakotzat hartuko dira azoka esparruak, aire zabaleko gordailuak, ur presak, ur jauziak, urtegiak (azken hirurotan, ondoak barne), kirol zelai eta instalazioak, kaiak, aparkalekuak eta eraikuntzei erantsitako guneak.
3. Hurrengo artikuluan landazkotzat kalifikatuko ez diren gainerako eraikuntzak.
3. artikulua.
Zerga honi dagokionez, honakook hartuko dira landa ondasun higiezintzat:
a) Aurreko artikuluko a) hizkian xedatutakoaren arabera hirikotzat hartzen ez diren lurrak.
b) Landa eraikuntzak, honelakotzat landa jitesko lurretan egon eta nekazal, abel edo baso ustiapenak garatzeko behar beharrezkoak diren nekazal eraikin eta instalazioak hartuta.
Zerga honi dagokionez, nekazal, abel edo baso ustiapenetan erabiltzen diren aparamen edo txabolak ez dira eraikuntzatzat hartuko, haiek eraikitzean erabiltzen diren materialak arinak eta iraungaitzat dituztelako, lurra gehiago aprobetxatu, lurgintzak babestu, abelburuak haize agerian alde baterako gorde edo jardueraren menpeko lanabes eta tresna bereziak gordetzeko bakarrik balio dutenean; zerga honi dagokionez, landa lurrei erantsitako obrak eta hobekuntzak ez dira eraikuntzatzat hartuko, lur horien balioaren zati banaezin direnak.
II Kapitulua: Salbuespenak
4. artikulua.
1. Hurrengo ondasun higiezinak salbuetsita egongo dira:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiarenak, Euskal Autonomia Erkidegoarenak, Estatuarenak eta entitate lokalenak izanik, herritarren segurtasunari nahiz hezkuntza edo espetxeetako zerbitzuei zuzenean atxikita daudenak, eta orobat, Estatuak Defentsa Nazionalari atxikita dauzkanak. Era berean, eta aprobetxamendu publiko eta doakoa badute, baita ondoko hauek ere: errepideak, bideak eta lehorreko beste bideak.
b) Udalerrien jabetzako auzo ondasunak eta esku komuneko herri basoak. Era berean, salbuetsita egongo dira honako hauek:
1. Lazkaoko Udalarenak edo bere Erakunde Autonomoenak edo oso-osorik Lazkaoko Udalarenak diren sozietateenak, beti ere Lazkaoko udalerrian aurkitzen badira.
2. Mankomunitateen, beren organismo autonomoen edo mankomunitate horiek erabat partizipatutako sozietateen jabetzako ondasunak, beti ere aipatutako mankomunitateek jarduten duten lurralde eremuan kokaturik badaude.
Aurreko 1. eta 2. kasuetan, salbuespena aplikagarria izan dadin, ezinbestekoa da ondasun horiek erabilera edo zerbitzu publikoari atxikita egotea eta emakida administratiboko erregimenari lotuta ez agertzea, non eta emakida administratiboaren titularra ez den irabazi asmorik gabeko elkarte bat, Elkarteen Erregistroan izena emanda ez dagoen eta udalarekin batera bertako organo eskudunak udal onurakoak izendatutako lankidetza jarduerak egiten ez dituen.
c) Gurutze Gorriarenak eta erregelamenduz zehaztuko diren gisa horretako beste entitateenak.
2. Era berean, eta eskaera aurrez aurkezturik, ondoko hauek salbuetsiko dira:
a) Erregelamenduz zehaztuko diren hazkunde moteleko espeziez landatutako mendien azalera, bere aprobetxamendu nagusia zura edo kortxoa denean, baldin eta zuhaiztiaren dentsitatea espezie horri berez dagokiona bada.
Orobat, baso berritzen edo birlandatzen diren mendien azalera, baso Administrazioak onartutako antolamendu proiektuei edo plan teknikoei jarraiki egiten bada. Paragrafo honetan aurreikusten den salbuespenak hamabost urtez iraungo du, eskaera aurkeztu ondorengo zergalditik aurrera kontatuta.
b) Eliza Katolikoarenak, Estatu Espainiarrak eta Vatikano hiriak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz sinatutako Akordioan jasotakoaren arabera, eta legez onartuta dauden elkarte konfesional ez-katolikoenak, Konstituzioaren 16.artikuluan xedatutakoaren indarrez izenpetutako lankidetza akordioetan ezartzen den eran.
c) Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen indarrez salbuespen hau aplikagarri duten ondasun higiezinak, eta elkarrekikotasun baldintza egonez gero, baita atzerriko gobernuenak ere, beren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrek nahiz beren organismo ofizialek erabiltzekoak direnean.
d) Trenbideek hartutako lurrak eta lur horien gainean dauden eraikinak, baldin eta horiek geltoki edo biltegi gisa nahiz linea horiek ustiatzeko ezinbestekoa den beste edozein zerbitzutarako erabiltzen badira.
Beraz, ostalaritza establezimenduak, ikuskizunetakoak, merkataritza eta aisialdi guneak, enplegatuentzako etxebizitzak, zuzendaritzako bulegoak eta lantegiak ez dira salbuetsita egongo.
e) Monumentu izaera duten edo monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 2. artikuluaren 2 apartatuko a) eta b) letretan jasotako moduan. Salbuespen hau kalifikatuta nahiz inbentariatuta dauden kultur ondasunei aplikatuko zaie, beti ere uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Era berean, ondasun higiezinak salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 44. artikuluan aipatutako arkeologia zonetan kokaturik daudenean zona horiek Kultur Ondasun gisa izendatuta egon behar dute eta kalifikatuak nahiz inbentariatuak izan, baldin eta eskuhartze arkeologikoren bat bertan egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Sailak erabakitzen badu aurkitutako aztarnak bertan mantendu behar direla ezer kendu gabe eta tokiz aldatu gabe.
f) 601,01 eurotik beherako oinarri ezargarria duten hiri ondasunak eta landa ondasunen kasuan, subjektu pasibo bakoitzari Udalerrian dituen landa ondasun guztiengatik dagokion oinarri ezargarria 1.202,02 eurokoa baino txikiagoa denean.
g) Unibertsitate Publikoak bere helburuak betetzeko atxikita dauzkan ondasunak eta hezkuntza itunetara bildutako ikastetxe pribatuenak, erabat edo zati batean itundutako ikastetxeak diren bitartean.
2. atal honetan aurreikusitako salbuespenak aplikatzeko, interesatuek aldez aurretik eskaera egin behar diote Lazkaoko Udalari.
Ematen diren salbuespenek eskaera egin eta ondorengo zergalditik aurrera izango dute eragina.
III. Kapitulua: Subjektu Pasiboa
5. artikulua.
1. Pertsona natural eta juridikoak eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateak dira, zergadun gisa, zerga honen subjektu pasiboak, beti ere zerga honen egitate ezargarria kasu bakoitzean eratzen duen eskubidearen titularrak diren bitartean.
Ondasun higiezin berean emakida-hartzaile bat baino gehiago ageri denean, kanon handiena ordaindu behar duena izango da zergadunaren ordezkoa.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa halaxe aplikatuko da, eta horrek ez du eragotziko subjektu pasiboak jasandako zerga kuota zuzenbide komunaren arauen arabera jasanarazi ahal izatea.
Lazkaoko udalak, zergaren kuota likido osoa, zergaren subjektu pasibo edo zergadun ez izan arren, ordain emate bidez herri-jabariko ondasunak edo herri-ondarekoak erabiltzen dituztenei kobratuko die.
Era berean, zergadunaren ordezkoak gainerako emakida hartzaileen gainean jasanarazi ahal izango du haiei dagokien kuota likidoaren zatia eta zati hori bakoitzak ordaindu behar dituen kanonen araberakoa izango da.
IV Kapitulua: Oinarri Ezargarria
6. artikulua.
1. Zerga honen oinarri ezargarria ondasun higiezinen balioa izango da.
2. Oinarri ezargarria zehazteko, ondasun higiezinen baliotzat, beraien katastroko balioa, erreferentzia gisa merkatuan duten balioa hartuz finkatuko dena, berau inoiz gainditzeko.
7. artikulua.
1. Hiri ondasun higiezinen katastroko balioa lurzoruaren eta eraikuntzaren balioa izango da.
2. Lurzoruaren balioa kalkulatzeko, berari dagozkion hirigintza inguruabarrak hartuko dira gogoan.
3. Eraikuntzen balioa kalkulatzeko hirigintza eraikuntzazko baldintzak ezezik, izaera historiko-artistikoa, erabilera edo xedea, beraien kalitatea eta aintzinatasuna eta eragina izan dezakeen beste edozein faktore ere hartuko dira gogoan.
8. artikulua.
1. Landa ondasunen katastroko balioa lurraren eta eraikuntzen balioa izango da.
2. Landa lurren balioa beraien benetako errentak edo potentzialak erregelamenduz ezarriko den interesean kapitalizatuz kalkulatuko dira, lurraren ekoizmenaren, lurgintza eta aprobetxamendu desberdinen eta katastroko ezaugarrien arabera.
Errenta horiek kalkulatzeko, nekazal ezaugarri homogeneodun alde edo eskualde bakoitzeko errentamendu zein gasailak ikertzetik lortuko diren datuei heldu ahal izango zaie.
Halaber, atal honi dagokionez, landa lurren barruan sartutako hobekuntzak, haren balioaren zati banaezin direnak eta, bidezko denean, ekoizten hasi arte igarotako urteak hartuko dira gogoan; baso ustiapenak dituztenentzat, landaketaren adinari, zuhaiztiaren egoerari eta aprobetxaldiari helduko zaie.
Dena dela, aprobetxamendu handiagora jotzen duten ekoizpide arrunten aplikazio edo erabilpena hartuko da gogoan, ez ordea, aparteko eskuarteak erabili ahal izatea.
Hala ere, ustiapenaren izaerak edo udalerriaren ezaugarriek benetako errentak edo potentzialak ezagutzea zailtzen dutenean, ondasunen katastroko balioa, beraien hobekuntza iraunkorrak eta landaketak barne, teknika, nekazaritza eta ekonomiaren inguruko faktoreei eta beraiei dagozkien inguruabarrei begira kalkulatu ahal izango da.
3. Landa eraikuntzen balioa aurreko artikuluko 3. ataleko arauak aplikatuz kalkulatuko da, beraien izaerak horretarako aukera ematen duen heinean.
9. artikulua.
Onibarren gaineko Zerga arautzen duen 12/1989 Foru Arauaren 6. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen balio katastralak, katastro inmobiliarioetan dauden datuetatik abiatuta finkatzen dira.
Katastroaren balio horiek, dagokien eran, berraztertu, aldatu edo eguneratu egin daitezke aurrez aipaturiko Foru Arau horren 11., 12. eta 13. artikuluek hurrenez hurren aurreikusitako moduan.
10. artikulua.
Landa eta Hiri Ondasun Higiezinen Katastroak landa eta hiri ondasun higiezinen datu eta deskripzioek osatzen dituzte, azalerak, kokapena, mugak, lurgintza edo aprobetxamenduak, kalitateak, balioak eta lurralde jabetza ezagutarazi eta bere aspektu eta aplikazioetan definitzen duten gainerako inguruabar fisiko, ekonomiko eta juridikoak adieraziko direlarik.
11. artikulua.
1. Katastroaren balioak finkatzeko orduan, 12/1989 Foru Arauaren 7. eta 8. artikuluek araututako balorazio-irizpideak izango dira kontuan hartuko direnak.
2. Gipuzkoako Foru Aldundiak balio ponentziak prestatuko ditu. Haietan jasoko dira irizpideak eta balorazio taulak, eta indarrean dagoen hirigintza antolamenduan mugatzen den lurzoru hiritarra, bai eta katastro balioak finkatzeko beharrezkoak diren bestelako elementuak ere.
Ondasun higiezinen zati bat bi udalerritan, hirutan edo gehiagotan kokaturik dagoenean, horien balorazioa ondasun higiezin bakoitzari edo erabilera edo helburu homogeneoko ondasun multzo bati ponentzia berezi eta bakar bat aplikatuz egin ahal izango da.
3. Balioen ponentzia horien inguruan, Foru Aldundiak Lazkaoko Udalari entzunaldia eskainiko dio, 15 eguneko epean bidezkoa deritzona adieraz dezan.
Lazkaoko Udalak horren gainean egindako txostena aztertu ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak ebatziko du bidezkoen deritzona.
4. Gipuzkoako Foru Aldundiak onartuko ditu balio ponentziak, eta ondoren jendaurrean jarriko dira 15 eguneko epean. Epe horretan, interesatuek nahibadako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango dute Foru Aldundian edo, bestela, erreklamazio ekonomiko-administratiboa Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan. Erreklamazio horiek ez dute etengo egintzaren bete-beharrekotasuna.
Katastroaren balio berri horiek indarrean sartuko diren urtearen aurreko urteko urriaren bata baino lehen, onespenari dagokion akordioa eta jendaurrean edukitzeko aurreneko eguna zein izango den Gipuzkoako Buletinean argitaratuko dira; baita Lazkaoko Udalaren ediktu bidez ere.
5. Ponentziak jendaurrean jartzen direnetik aurrera, horietatik ateratzen diren katastro balioak indibidualki jakinaraziko zaizkio subjektu pasibo bakoitzari balio horiek indarrean sartu aurreko lehen urtea amaitu baino lehen.
Artikulu honetan aipagai diren katastro balioak finkatzeko egintzak arrazoitu egin beharko dira haiei buruzko jakinarazpen indibidualetan datu hauek adieraziz: balio horiek finkatzeko erabilitako ponentzia, zona edo azpizona katastrala, lurzoruaren balio eragingarria, eraikuntzaren kostua, aplikatutako koefiziente zuzentzaileen identifikazioa, ondasun higiezinek katastroaren ondorioetarako duten azalera eta, azkenik, lokalaren antzinatasuna eta helburua. ME ponderazio koefizientea ere aipatu beharko da, hau da, balio katastrala zehazteko prozedurak aurreikusten duena eta kasu bakoitzean aplikagarri dena.
6. Horrela finkatzen diren katastro balioak zortzi urtetik behin berrikusi beharko dira.
12. artikulua.
1.- Katastroaren balioak Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatuko ditu, bere kabuz edo Lazkaoko udalaren eskariz, hirigintza planeamenduak edo beste inguruabar batzuk, udalerri osoko onibarretan edo udalerriko lekuren batekoan edo leku batzuetakoetan, katastroaren eta onibar horiek merkatuan duten balioaren artean alde nabarmena dagoela esaten dutenean.
2. Aldaketa hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da balio ponentzia berriak prestatzea edo, hala badagokio, indarrean daudenak aldatzea, aurreko artikuluan esandakoaren arabera.
3. Aldi berean, balioen ponentziak ere aldatu egin ahal izango dira landalur izaerako lursailek landalur izateari uzten diotenean 12/1989 Foru Arauaren 2. artikuluko a) atalean aurreikusitako kasuren baten aurkitzearren.
4. Balio ponentziak egin ondoren, aurreko artikuluan arautzen diren tramite eta prozedurekin jarraituko da.
13. artikulua.
Ondasun higiezinen katastroetan jasota dauden datuetatik abiatuta finkatzen diren balio katastralak foru arau bidez onartuko diren koefizienteak aplikatuz eguneratu ahal izango dira.
Koefiziente horiek kontuan hartu beharko dira finkatzen diren balio katastral berriak katastroko datuekin alderatuta aldaketa fisiko edo juridikoak izan dituzten ondasun higiezinei aplikatu behar zaizkienean. Horrelakoetan aplikatuko diren koefizienteak balioen ponentzia onartu denetik balio berriak finkatu arte ezarritakoak izango dira.
V Kapitulua: Kuota, Sortzapena eta Ezarraldia:
14. artikulua.
1. Zerga honen kuota osoa oinarri ezargarriari karga tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza izango da.
2. Kuota likidoa, hala balegoke, Ordenantza honek aurreikus ditzakeen hobarien zenbatekoan kuota osoa murrizten aterako da.
3. Karga edo grabamen mota Ordenantza honen 1. ERANSKINA izenekoan aipatuko dena izango da.
15. Artikulua
1. Familia ugariaren titularitatea duten zergadunen edo subjektu pasiboen alde, ondoko hobari hauek ezarri dira:
a) %50a, familia ugarientzako.
2. Hobaria eskuratzeko baldintzak hauexek dira:
a) Zergaren subjektu pasiboa, zergaduna, familia ugariaren titularra izan behar da.
b) Etxe bakar bat izango da hobaria jasoko duena, familia ugari horren ohiko bizilekuak edo etxebizitzak, ohiko bizilekutzat familiako kide guztiak agertzen diren erroldakoa hartuz.
c) Etxebizitza jabekidetzan edukiz gero, familia-buruak, horren ezkontideak, edo hala bada, seme-alabek, denen artean, jabetzaren edo gozamenaren ehuneko ehuna eduki behar dute.
3. Hobaria eskuratzeko aurkeztu behar diren agiriak.
a) Eskaera egiten den momentuan indarrean dagoen familia ugariaren tituluaren aldakia.
b) Familia Liburuaren aldakia.
c) Bizikidetasunaren egiaztagiria.
d) Etxebizitzaren jabe izatearen titulua.
e) Eskaera egiten den urtearen aurreko urteko Onibarren Zergaren erreziboaren aldakia.
4. Hobariaren iraupena.
Hobariak eskaera egiten den urtean bertan egingo den erreziboan izango ditu bere ondorioak; eskaerak urtero berritu behar dira, ondoko atalean esandako epe edo denbora honen barruan.
5.- Hobari eskaerak aurkezteko epea:
Hobari honen eskaerak urtarrilean aurkeztu behar dira. Ez da onartuko beranduagoko eskaerarik.
16. artikulua.
1. Zergaldiaren lehen egunean sortuko da zerga.
2. Zergaldia bat dator urte naturalarekin.
17. artikulua
1. Zerga honen egitate ezargarria eratzen duten eskubideen titularitatea edozein arrazoirengatik aldatzen bada, eskubide horiei atxikitako ondasun higiezinek zerga zor osoa ordaindu beharko dute Zergen Foru Arau Orokorrak 41. Artikuluan aurreikusitakoari jarraiki. Ondorio horietarako, notarioek informazioa eskatuko dute eskualdatzen den ondasun higiezinari buruz, eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ordaindu gabeko zorrak ageri badira, agertutakoei jakinaraziko dizkiete.
2. Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateetako partaide edo titularkideek solidarioki eta nork bere partaidetzaren proportzioan erantzungo dute zerga kuotaren ordainketaz, Ondasun Higiezinen Katastroan hala inskribaturik ageri badira. Ez badira inskribaturik ageri, erantzukizuna zati berdinetan exijituko da beti.
VI. Kapitulua: Kudeaketa
18. artikulua.
1. Zerga bere erroldatik abiatuz kudeatzen da; errolda hori urtero egingo da Lazkaoko udalerrirako eta onibarrek, zergadunek eta katastroaren balioek osatuko dute; landa izaerakoak alde batetik eta hiri izaerakoak beste batetik. Errolda hori jendeak eskuragai izango du Lazkaoko Udalean.
Ondasun higiezin hiritarrei dagokien zergaren erroldak erreferentzia katastrala eta zenbaki finkoa ere jasoko ditu. Urteko erroldaren datuak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagirietan ageriko dira derrigorrez.
2. Subjektu pasiboek edo zergadunek Lazkaoko Udalean aitorpena egitera derrigortuta daude horretarako ezarriko diren epeetan.
a) Eraikuntza berriak direnean, alta aitorpenak egin beharko dituzte.
b) Zerga honi lotuta dauden eskualdaketak egiten direnean, eskuratzaileak alta aitorpena aurkeztu beharko du eskualdaketa arrazoitzen duen dokumentuarekin batera. Aurrekoaren kalterik gabe, eskualdatzaileak bere esku izango du baja aitorpena aurkeztea eskuratzailearen izena eta helbidea, ondasunen mugak eta kokapena, eskualdaketaren data eta, halaber, zein kontzepturengatik egiten den bertan adieraziz.
Eskualdaketa “mortis causa“ egintzagatik bada, ezarriko den epea Ondorengotzen gaineko Zerga likidatua den dataz gero kontatuko da, oinordekoak alta eta baja aitorpenak azaldu beharko dituelarik.
c) Kargapeko ondasunei dagozkien maila fisiko, ekonomiko edo juridikoko aldaketengatik sor litezkeen aldaketak.
3. Ondasun Higiezinen Katastroetan datuak sartu, kendu edo aldatu behar badira katastroen berrikuspenagatik, katastro balioen finkapen, berrikuspen edo aldaketagatik, ikuskaritzaren jarduketengatik edo altak eta komunikazioak egiteagatik, horiek administrazio egintzat hartuko dira, eta Zergaren Errolda aldatu beharra ekarriko dute. Ondasun Higiezinen Katastroetan jasotako datuei dagokien erroldan edozein aldaketa egiteko, nahitaezkoa izango da katastro horiek aurrez aldatzea zentzu berean.
Ondasun higiezinek izan ditzaketen aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoen ondorioz katastro inmobiliarioetan dauden datuetan sartuko diren aldaketak –hau da, 12/1989 Foru Arauaren 11. eta 12. artikuluak katastroa berraztertzeko edo aldatzeko jardunbideetatik sortzen ez diren aldaketak- interesatuei jakinaraziko zaizkie urtarrilaren 31ko 1/1985 Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zerga Araudi Nagusia zekarren Foru Arauaren 105. artikuluak ezarritakoaren arabera.
Nolanahi ere, gertatzen bada aldaketarik izaera juridikoko alterazioen ondorio direla titularitatea eskualdatu delako edo Foru Arau honek 5. artikuluan jasotzen dituen eskubideak eratu direlako, zilegi izango da tramite hori ez betetzea aldaketak egiteko kontuan hartuko diren dokumentuak interesatuak Zerga Administrazioari aurkeztutako edozein aitorpenetan emandakoak ez beste direnean.
4. Zergapeturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko eta juridikoek horiek gertatu ondorengo zergaldian izango dute eragina, baina eragin hori ez da lotuta geratuko egintza administratiboen jakinarazpenari.
19. artikulua.
1. Kudeaketa, kitapena, ikuskaritza eta diru-batuketa, borondatezko ordainaldian nahiz premiamendu bidetik, Lazkaoko Udalari dagozkion eskumenak dira, honen ondoren datorren 3. atalean ezarritakoaren kalterik gabe.
2. Zehaztuz, hona hemen Lazkaoko Udalari dagozkion egitekoak: altak eta bajak tramitatzea eta likidatzea; erroldak jendaurrean agerian uztea; errekurtsoei eta erreklamazioei ebazpenak ematea; zerga kobratzea; hala balegoke, salbuespenak eta hobariak aplikatzea; eta zergadunari zerga honen inguruko informazioa ematea eta laguntzea.
3. Balio ponentziak egin eta onartzea, katastro balioak finkatu, berrikusi eta aldatzea, eta halaber, Katastroen eta Zergaren Erroldaren eraketa, berrikuspen, kontserbazio eta gainerako eginkizunak burutzea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkio soil-soilik.
Lazkaoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari lagunduko dio Katastroa egiteko eta gordetzeko.
Horrez gain, Foru Aldundiari dagokio kobrantzazko ordainagiriak egitea eta Zergaren katastro-ikuskapena.
Ordenantza honetan aurreikusitako salbuespenak edo hobariak emateko edo ukatzeko, aldez aurretik Foru Aldundiaren txosten teknikoa behar da; eta ebazpena eman ondoren, Aldundiari horren berri eman behar zaio.
20. artikulua.
12/1989 Foru Arauaren 11. artikuluak eta 12. artikuluak ezarritakoaren arabera, balioen Ponentziak onartzeko egintzen kontra eta katastroaren balioen kontra sartu ahal izango diren errekurtsoek eta erreklamazioek Zerga Foru Arau Nagusiaren 156. artikulutik 167. artikulura bitartean ezarritakoa bete behar dute. Berrazterketa-errekurtsoari ebazpena emateko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena da. Errekurtsoak eta erreklamazioak sartzeak ez du etengo egintzen betearazpen- indarra.
21. artikulua.
1. Erroldak Foru Aldundiak egingo ditu eta ondoren Lazkaoko Udalari bidaliko dizkio.
2. Udalak erroldak behin jaso ondoren, jendaurrean utzi behar ditu 15 egunez, gaia dagokien zergadunek erroldak aztertu eta, hala nahi izanez gero, bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak egin ditzaten.
22. artikulua.
1. Jendaurreko erakusketa epea amaitu eta erreklamazioak ebatzita, Gipuzkoako Foru Diputazioari bidaliko zaie horren emaitzaren ziurtagiria, onar dezan.
2. Onartu ondoren, Foru Aldundiak erreziboak egingo ditu, kobratzeko Lazkaoko Udalari bidaliko dizkionak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau aldarazten duen akordioa 1989ko urriaren 24ean batzarrean onartu zen. Ondorioak 1990eko urtarrilaren lehenetik sortuko ditu, derogatu edo aldatzea erabakitzen ez den bitartean.