Pantailaren beste aldean zauden hori, Lazkaoko udalerriak Internet sarean duen orri honetara ongi etorria izan zaitez.
Herriaren ordezkari gisa zurekin izateko dudan aukera ez nuke alferrik galdu nahi, eta, lerro gutxitan bada ere, ezaugarriak nabarmentzen saiatuko natzaizu, aurrez aurre ezagutzeko interesa piztuko zaizun itxaropenarekin.
Nekazaritza ingurua eta industria mundua uztartzeaz gain, zerbitzuen eremuan ere garapen hastapenetan egonik, aniztasuna da, hain zuzen ere, gure herriaren xarma. Izan ere, iragan interesgarri baten testigantza argia dugun hirigune historikoaren inguruan hedatua, baliabide naturalak egokiro mantenduak baititu gaurdaino (besteak beste, Aralarko parke naturalaren sarbideetariko bat da). Natur eta kultur baliabide garrantzitsuak izateaz harro gaude, beraz.
Industriak herri bati dinamikotasuna eman ohi dio. Bestalde, gizaldiz gizaldi ereindako izerdi eta lanaren uzta modura, nekazal eta abeltzain ingurua dugu. Horrek ahalbidetu eta eskura eskaini digun paisaia aberastasunak, iragana ahantzi gabe eta oraina pausoz pauso landuz, herri honen geroko nahiak eta ametsak ageriko errealitate izan daitezen, etorkizunari ateak parez pare zabaltzea eskatzen digu. Bidai horretan guztion ahalegina beharrezkoa izango denez, zure zalantza, aholku eta ekarpen oro jasotzeko prest gaude.
Dena den, ez dut uste herri baten xarma pantaila honen bitartez behar bezala islatzea posible denik. Beraz, Lazkao benetan sentitu eta ezagutu nahi baduzu, etorri eta bertan murgiltzeko gonbitea eginda duzu.
Azkenik jakin arazi nahiko nizuke zure zerbitzura duzula udalaren egitura, eta edozein iradokizun edo proposamen baduzu atsegin haundiz jasoko dugula.
ALKATEA
Patxi Albisu Estensoro