CASTELLANO

                                                     
                                                     
  Udala   Herria   Turismoa   Agenda   On-Line

Datu ekonomikoak        
GIDA INDUSTRIALA || GIDA KOMERTZIALA

Lazkaoko ekonomia, gorabehera askoren ondorio
Hainbat eta hainbat izan dira Lazkaoko ekonomian mugimenduak sortu dituzten faktoreak. Nekazal jarduerak, industriak... ere garrantzia izan dute ekonomian

Euskal Herri osoan bezala, Lazkaoko udalerriaren historia ekonomikoa nekazaritza eta abeltzaintzari lotuta egon da haserako garaietatik. XVIII. mendetik jasotako datuen arabera, herria jardunean zeuden baserriz osatuta zegoen gehiengo handi batean (apaiza, mediku eta botika bezalako etxeak izan ezik). Alde batetik etxerako jana lortzeko era guztietako barazki eta fruituak lantzen ziren: garia, artoa, sagarrak, lekaleak, barazkiak…; eta bestetik etxeko abereentzako jana: arbia, alpapa…
Inguruko mendietan, Urbaraundin eta Iruremendin kasu, egurra ateratzen zuten eraikin, gurdi, ikatza… lortzeko. Aralar mendian kobre-meatzeak ere bazeuden. Basoetan ehiza ugari egiten zen, azeri, erbinude, basurde, orein… eta ibaietan arrantza, amuarrainak, barboak, aingirak…
Industri jarduera Lazkaon
XX. mende haserako Lazkaoren nekazal izaera ez da soilik nekazaritzaren garrantziaren ondorio, aitzitik industri sektorearen ahuleziaren ondorio ere bada. 1915ean Lazkaoko industri jarduera hiru lantegitara mugatzen zen: gurdiak eraikitzeko, aroztegi mekanikoa eta ferrak egiteko lantegiak. Egoerak bere horretan jarraitu zuen 1936ko Gerra Zibila arte.
1940ko hamarkadaren amaieran hasi eta mendearen bigarren erdian izandako iraultza demografikoak Lazkaori, Euskal Herriko beste udalerri askori bezala, benetako iraultza ekarri zion. Lazkaon biztanleriaren hazkundea apartakoa izan zen; 1950 eta 1975 urteen artean Lazkao izan zen Gipuzkoan hazkunde handiena pairatu zuen bederatzigarren udalerria.
Esan bezala, aparteko hazkunde honek Lazkaon benetako "iraultza" eragin zuen, bai paisaian, bai kulturan eta baita eguneroko bizimoduan ere. Hazkundea bi faktoreren ondorio izan zen: hazkunde naturala eta immigrazioa.

Inmigrazioaren garrantzia
Hazkunde naturalaren garrantzia ukatu ezin bada ere, immigrazioa izan zen hazkunde honen zalantzagabeko protagonista. Immigrazio honen arrazoia 50, 60 eta 70eko hamarkadetako boom ekonomikoa izan zen. Euskal ekonomiaren bilakaera onak Espainiako gainbeheran zeuden hainbat eskualdetako milaka pertsona Euskal Herrira erakarri zituen bizimodu hobeago baten bila. Boom ekonomiko honen eragile nagusiena industria izan zen, modernizazio prozesuari ateak zabaldu baitzizkion.

Industriaren bilakaera
Lazkaon XX. mendeko lehen erdian berrogeita hamar enplegu industrial eta lantegi txiki zeuden. 1975ean industri sektore sendoa zuen herriak: hogeita zazpi lantegi eta 1.098 lanpostu zituen. Ildo honetan Lazkao eta Goierriko eskualdearen arteko harreman irekia azpimarratzea ezinbestekoa da (C.A.F. enpresaren protagonismoa azpimarragarria da).
1970eko hamarkadatik aurrera egoera egonkortu egin zen: biztanleria 5.000 biztanle inguruan finkatu zen. Bestalde, industriak krisi eta birmoldaketa prozesu gogorra jasan badu ere, egun zalantzarik gabe esan daiteke Lazkao industri herria dela. Ibabeko industri gunea eta Zubierrekako gunea, bere zabalkunde berriarekin, egoera honen testigu garbiak dira.
Industri jardueraren nagusitasun honen ondoan azpimarratzekoa da hirugarren sektoreak gero eta garrantzi handiagoa duela, bai biztanleriari begiratuz eta baita ekonomi jarduerari dagokionez ere.

Egungo egoera
Beste garai batzutan indartsu eta nagusi izan diren nekazaritza eta abeltzaintza beste maila batean gelditu dira: egun Lazkaomendira mugatzen dira jarduera hauek eta Lazkaoko biztanleri okupatuaren %2ak bakarrik hartzen du parte bertan.
Horrelakoa da mende amaierako Lazkao; demografikoki herri egonkorra, baina bizia; herri industriala eta modernoa; bere nortasuna gordetzen duen herria baina eskualdeari ateak irekitzen dizkiona; azken batez, bizi-kalitatea eta bertako gizon-emakumeen arteko bizikidetza hobetzeko erronkari aurre egin nahi dion herria; XXI. mendeko lazkaotarrek osatutako herria. 
 


Zure komentrioa gida hontan agertzeko
 RSS Zerbitzua   Telefonoa: 943 08 80 80   Faxa: 943 08 51 94   E-maila: udala@lazkao.net
Elebi Taldea eta BIT&MINA-k egina