Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute aurten ere. Guztira, 29 merkatari ari dira parte hartzen lehiaketan, eta herritarrek aukeratuko dute guztien artean zein duten gustukoena. Abenduaren 22ra arteko tartea dago botoa emateko.

Lehiaketan parte hartzen ari diren dendetan banatuko dituzte botoa eman ahal izateko txartelak. Bertan eskatzen diren datuak bete eta txartela udaletxeko sarreran jarriko den kaxan bota beharko da. Nahi duenak Facebook bidez ere eman ahalko du botoa. Horretarako, LazkaOn merkatari elkarteak Facebook-en duen orrialdera mezu pribatu bat bidali behar da, norberaren izen-abizenak, telefonoa eta botoa zein dendari eman nahi dion adieraziz.

Erosketa baleak zozkatuko dira

Lehiaketan parte hartzen duten guztien artean, bost erosketa bale zozkatuko dira: 400 euroko erosketa bale bat eta 150 euroko lau erosketa bale. Saridunek lehiaketan parte hartzen duten 29 dendetan trukatu ahalko dituzte baleak.

Botoa ematen dutenek bakarrik ez, lehiaketan parte hartzen duten merkatariek ere sariak izango dituzte. Boto gehien jasotzen dituzten hiru erakusleihoetako dendariek diploma bat eta produktu ezberdinez osatutako otarra jasoko dute.

Sariak abenduaren 27an banatuko dira, udaletxean egingo den ekitaldian.