Gurutzeko urbanizazioa berritzeko lanak, berriz, astelehenean hasiko dira. Azaleko urbanizazioa berritu, eta egun irisgarritasun, argiztapen eta bestelako beharrei erantzuna emateaz gain, lur azpiko azpiegiturak ere berrituko dira: argiteria sarea, ur sarea eta saneamendu sarea, besteak beste.

Horrez gain, Agauntza eta Gurutzeko dorreen arteko pasealekua, bidea, aparkalekuak eta espaloiak berritu eta egokitu egingo dira.

Maiatzaren 30eko osoko bilkuran onartu bezala, Gurutzeko birurbanizazio lanak Iparragirre-Orsa-Iturrioz ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteak egingo ditu. Lanen iraupena 6 eta 7 hilabete ingurukoa izatea aurreikusten da, eta zatika egingo dira. Hala, lanen eragina ahalik eta murritzena izatea ahalbideratu nahi da, inguruetako bizilagunei garajeetara sarbidea ahalik eta gutxien oztopatzeko eta inguruko aparkalekuetan ahalik eta eraginik txikiena sortzeko.