Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Singular Dendak izeneko egitasmoa jarri du martxan lurraldean, eta gaur, Lazkaoko merkatariekin bildu da, abian jarri duen proiektuaren berri emateko. Lazkaoko Udalak hiru hilean behin egiten duen Merkataritza Mahaia gaur bildu dela aprobetxatu dute egitasmoa aurkezteko.

Singular Dendak egitasmoaren helburua lurraldeko dendak lehiakorragoak izan daitezen lortzea da, eta horretarako bereizketa modelo bat proposatu diete Federazioko ordezkariek Lazkaoko merkatariei. Egitasmoarekin bat egiten duten dendei ebaluaketa bat egingo diete, lau gairen inguruan: pertsonak, komertzioa, produktua eta komunikazioa. Lau aldagai horietan bakoitzak dituen hobekuntza aukerak identifikatuko dituzte, eta ondoren, hobetzen jarraitzeko jarraibideak emango zaizkie merkatariei. Emaitzak hobetzea lortzen dutenek, Singular Dendak ziurtagiria jasoko dute.

Aurten, egitasmoaren hasiera izanik, parte hartzaile kopurua mugatua izango da. Baina aurten parte hartu ezin dutenek datozen urteetan izango dute horretarako aukera.

Herriko merkataritza sustatzeko lanean

Singular Dendak egitasmoa herriko merkatarientzat interesgarria izan daitekeela irizten du Lazkaoko Udalak, eta hala, egitasmoarekin bat egitera animatu ditu merkatariak.

Singular Dendak egitasmoaren aurkezpenaz gain, azken hilabeteetan merkatariek Lazkaon egin dituzten egitasmoak ere aztertu dituzte gaurko Merkataritza Mahaian. Urteko helburuen betetze maila zein den aztertu dute, horien artean apirilean egindako Erosketa Bonoen kanpaina. Guztira, kanpainan parte hartu duen herritarren kopuruak %35 egin du gora iazko datuarekin alderatuta. Eta gainera, parte hartu duen komertzio kopuruak ere gora egin du; aurreko urtean 51 izan baziren, aurten 59 izan dira.

Aurrera begira, udazkenean jarri dute berriz jomuga. “Aisiaz gozatu Lazkaon” egitasmoaren aurtengo edizioa prestatzeko lehen pausoak ematen ari dira dagoeneko merkatariak eta Lazkako Udala.

Hiru hilabetean behin biltzen da Lazkaoko Merkataritza Mahaia, eta sektorerako garrantzitsuak izan daitezkeen gaiak eta egitasmoak aztertzen ditu, adibidez, oraingoan Singular Dendak ekintzarekin egin duten bezala. Lazkako Udaleko ordezkariek eta herriko merkatariek osatzen dute Merkataritza Mahaia.