Aitorpena Euskarari kanpainarekin bate gin du aurten ere Lazkaoko Udalak. Euskaraz egiten diren errenta aitorpenen kopurua haztea da helburua, errenta aitorpenaren kanpainan iaz baino herritar gehiagok deklarazioa euskaraz egin dezan.

Kanpainaren barruan, oinarrizko informazioa biltzen duten esku orriak banatuko dira etxez etxe, eta herriko toki jakin batzuetan ere eskuragarri jarri dira. Lazkaoko datuei dagokionez, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egin du azken urteetan. 2009an, deklarazioen %15.52 egin ziren euskaraz, 2012an %22.15 izan ziren eta 2015ean %27.01.

Hiru bide daude errenta aitorpena egiteko, eta hiru kasuetan egin daiteke euskaraz:

  • Autolikidazio proposamena: Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantean ere hala egingo dute.
  • Mekanizatua: Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Haziendarekin harremana euskaraz izan nahi duzula. Horrez gain, aitorpena egitera joandakoan, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.
  • Internet bidezkoa: Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, euskarazkoa aukeratu.

2016 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 18an hasiko da, eta ekainaren 26an amaitu. Hala ere, apirilaren 6tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo Internet bidezkoa egiteko epea ere apirilaren 18an irekiko da.

Euskarak aurrera egin dezan, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea, hau da, nahi den hizkuntza hautatzeko aukeraz baliatzea. Euskararen aldeko hautua egin eta aitorpena euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena egiten diozu.