• Egunero goizeko 10:00etan batuko dira batzordea osatzen duten ordezkari tekniko eta politikoak Koronabirusak herri eta lurralde mailan duen eboluzioa aztertu eta neurriak kudeatzeko.
  • Epidemiaren eboluzioari lotua egongo da batzordearen iraunaldia.

Lazkaoko Udalak Koronabirusaren epidemiaren kudeaketa burutzeko Prebentzio eta Jarraipen Batzordea sortu du. Batzordea 6 kidek osatzen dute: Kepa Zubiarrain alkatea, Joxe Mari Ormazabal oposizioko bozeramalea, Mikel Zabala Udaltzainburua, Miren Aldasoro Hirigintza arduraduna, Jon Eskisabel Zerbitzuetako koordinatzailea eta Laxia Urteaga Gizarte Zerbitzuetako teknikaria. Egunero goizeko 10:00etan batuko dira Koronabirusak herri eta lurralde mailan duen eboluzioa aztertu eta neurriak kudeatzeko. Epidemiaren eboluziok hobera egin bitartean mantenduko da batzorde berezi hau.

Ekitaldiak atzeratuta eta eraikinak itxita

Koronabirusa (Covid-19) ekidin eta bere hedapena saihesteko hainbat neurri hartu ditu Lazkaoko Udalak. Aldi berean, prebentzio gomendioak betetzeko deia egin du.

Asteburu honetan ospatzekoak ziren hainbat ekitaldi atzeratu dira Koronabirusagatik, hurrenez hurren, Oin Arin Dantza Taldearen ‘Iraganaren Lorratzak’ ikuskizunaren emanaldia, Gerriko Ikerlan Bekaren ebazpena, VII. Goierri Rallysprinta edota zinema. Rallysprintaren bueltan antolatutako ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu dira. Ekitaldi ezberdinen data berriak aurrerago zehaztuko dira epidemiaren eboluzioaren arabera.

Horrez gain, honako eraikinak itxita egongo dira bihartik aurrera, martxoak 13, martxoaren 31a bitarte: Areria, Kiroldegia, Kultur Etxea, Gaztelekua, Liburutegia, Ikasgela, Ikastolako jolaslekuak eta Ariztihandi kirolgunea.

Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, gainera, Orobione jubilatuen elkartea eta ikastetxeak itxita egongo dira 15 egunez.

Udal ikastaro guztiak ere bertan behera geratuko dira martxoaren 31a bitarte, abisu berririk izan ezean.

Prebentzio gomendioak eta inplikazio pertsonala

Udalak herritarrei prebentzio gomendio nagusiak jarraitzeko deia egin eta norbanakoaren kontzientziazioa, erantzukizuna eta inplikazioa eskatu die birusa ez zabaltzeko.

Honakoak dira gomendioak:

1. Sarri garbitu eskuak urarekin eta xaboiarekin: mukiak kendu edo doministiku edo eztul egin ondoren; komunera joan ondoren; elikagaiak jan edo manipulatu aurretik; animaliekin kontaktua izan ondoren; gaixo dagoen norbait artatu aurretik eta ondoren; edota esku zikinak dituzun guztietan.
1. Eztul edo doministiku egitean ahoa estali besaurrearekin edo mukizapi batekin.
2. Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta, ondoren, zakarrontzira bota.
3. Arnas-sintomaren bat izanez gero eta arrisku-eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50.

Lazkaoko Udala logoa