• Irekiera berria izateagatik 400 euroko zenbateko finkoa emango du udalak, iaz baino 150 euro gehiago. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuaren %15-era arteko laguntza eskatu ahalko da (3 ehuneko gehiago), diru laguntza gehienez ere 1.250 eurokoa izanik (250 euro gehiago).
  • Laguntza eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, 2020ko abenduaren 31 baino lehen.
  • Aurreko lau urteetan 25 negozio lagundu dira diruz, 17 irekiera berriak. Guztira 14.000 euro baino gehiago banatu dira.

Lazkaoko Udalak onartu berri du herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzetarako 2020. urterako deialdia. Herrian, merkataritza eta ostalaritza jarduera berriak sustatzea eta irekita daudenak berritzea eta modernizatzea da laguntza hauen helburua.

Laguntzaren oinarriek aldaketa batzuk izan dituzte. Hain zuzen, hainbat diru-laguntzen zenbatekoak handitu dira: Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta emanda dauden Lazkaoko merkataritza eta ostalaritza jardueren titularrek eskatu ahal izango dute laguntza, baldin eta 2020an zehar merkataritza edo ostalaritza jarduera bat ireki edo berritzen badute. Irekiera berria izateagatik 400 euroko zenbateko finkoa emango du udalak, iaz baino 150 euro gehiago. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuaren %15-era arteko laguntza eskatu ahalko da (3 ehuneko gehiago), diru laguntza gehienez ere 1.250 eurokoa izanik (250 euro gehiago). Laguntza eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, 2020ko abenduaren 31 baino lehen.

2016tik abian

Hala, bosgarrenez onartu du laguntza hau Lazkaoko Udalak. Aurreko lau urteetan 25 negozio lagundu dira diruz, 17 berriak. Guztira 14.000 euro baino gehiago banatu dira. Hauen bidez, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza negozio berrien irekiera sustatu nahi da eta, aldi berean, egungo eskaintzaren modernizazioa.

Lazkaoko Udalak 2019-2023 Legealdi Planean jasotako helburu estrategiko nagusia da herriko garapen-sozioekonomikoa sustatzea. Hanka nagusi honen baitan agente garrantzitsu dira herriko merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuen saltokiak. Sostengua ematea da xedea, Lazkaoko herritarren eskura zerbitzu eskaintza zabal jartzeaz gain, herriko ekonomia eta enpleguaren garapenean zuzeneko eragina duelako sektore honek.

Lazkao Merkatari kanpaina PRINT page 001