Albisteak

EAJko Kepa Zubiarrain izango da Lazkaoko Alkatea.

Gaur goizean egin dute Lazkaoko Udal berria eratzeko ezohiko osoko bilkura. Udala osatuko duten 13 zinegotziek bozketa egin ondoren, Kepa Zubiarrain aukeratu dute alkate.

Zinegotzi eta alkatea izatea “ohore bat” dela adierazi du Zubiarrainek, “baina ardura handia ere bai, aldi berean”. Egunerokoan udalean hartuko dituzten erabakiek, izango dituzten jokabideek eta jarduerek “herritarren aldetik zaintza zorrotza” izango dutela jakitun, “eredu” izatera “behartuak” daudela gaineratu du. Horregatik, “herriaren alde, zintzo eta leial, elkarlanean” lan egiteko duten eginkizuna azpimarratu du alkate berriak.

“Elkarrizketaren eta akordioaren garaiari bide ematen saiatu” nahi du Zubiarrainek, “arazo edo gai baten aurrean, irtenbide edo alternatiba mahai gainean jartzea ere denon eginkizuna” delako.

Joxemari Ormazabal EH Bilduko hautagaiak Lazkaoko Udala osatuko duten zinegotziek duten “lan eta ardura garrantzitsua” azpimarratu du. “Lazkaotar guztien ongizatea” bilatzea izango du helburu, eta euren burua eskaini dute “ardurak partekatu” eta “jarrera eraikitzaile” batekin “elkarlanean aritzeko”.

Honela geratu da osatuta Lazkaoko Udala

  • EAJ: Kepa Zubiarrain, Amagoia Naldaiz, Aitor Altuna, Eneritz Miranda, Felix Urkola, Benita Goñi, eta Iñaki Estensoro.
  • EH Bildu: Joxemari Ormazabal, Aitziber Azurmendi, Josu Sarriegi, Mariaje Insausti, Maialen Amundarain, eta Jon Garmendia.