La Porteña Tango Trío talde argentinarrak emanaldia eskainiko du ostiralean Areria aretoan.

Europa mailan tango talderik ezagunenetariko bat eta esanguratsueneko bat da La Porteña Tango Trío. Saioa 20:15ean hasiko da. Sarrerak udaletxean eskura daitezke, 12 euroan.

La Porteña Tango Trío taldea sei kidek osatzen dute. Alejandro Picciano da zuzendaria, eta gitarra ere berak jotzen du. Pianoan Federico Peuvrel aritzen da, eta bandoneon-a Matias Piccianok jotzen du. Eugenia Giordano da taldeko abeslaria, eta Damian Roezgas eta Amira Luna dira dantzariak.

“¡Qué me van a hablar de amor!" ikuskizuna eskainiko dute. Hector “Chupita” Stamponi konpositore ezagunari egindako omenaldia da taldearen hirugarren disko hau. Giordano abeslari ezagunari Roezgas eta Luna dantzari gazteen talentua gehitu behar zaio, 2015ean munduko tango txapelketako finalistak izandakoak.

Talde argentinarrak herrialdeko abesti eta dantza klasikoen inguruan egiten duen errepaso bikaina ikusi ahalko da Lazkaon egingo duen emanaldian. La Porteña Tango Trío-k atmosfera berezia sortzen du beren ikuskizunetan. Taldekideek azaldu dutenez, “kontakizun handiak ukitu dibertigarriekin uztartuta” aurkezten dituzte, “baina beti kontuan hartuz tangoa oso dantza herrikoia dela, gertukoa, munduko edozein herrialdetako eta adin guztietako publikoari zuzendutakoa”.