Lazkaoko Udalak aisialdi zerbitzua eta kirol ikastaroen kanpaina zerbitzua eskainiko ditu aurten ere. Bi zerbitzuetan izena emateko epea astelehenean, maiatzak 14, hasiko da, eta maiatzaren 27an amaituko da.

Aisialdia zerbitzuetan izena emateko orriak eta kirol ikastaroen inguruko informazio orriak ikastolaren bidez banatuko dira, eta kiroldegian ere eskuratu ahalko dira. Izena emateko, inprimakietan eskatzen diren datu guztiak bete beharko dira, eta orriak kiroldegian entregatu beharko dira.

  • AISIALDI ZERBITZUA

Aisialdi zerbitzua HH-ko 3.mailatik LH-ko 6.mailara arteko haurrei zuzenduta egongo da (2006 eta 2014 urte arteen artean jaiotakoak). Ekainaren 25ean hasiko da zerbitzua, eta uztailaren 27an amaituko da. Guztira 180 haurrentzako lekua egongo da, eta aurten lehen aldiz bi ordutegi eskainiko dira. Orain arte, aisialdi zerbitzua 10:00etatik 13:00etara izan ohi da. Aurten, baina, hala nahi dutenek 09:00etatik 13:00etara eskainiko den aukera ere aukeratu ahalko dute.

10:00etatik 13:00etarako ordutegiaren kuota 75 eurokoa izango da, eta 09:00etatik 13:00etarako ordutegia aukeratzen dutenentzat kuota 100 eurokoa izango da. Aisialdi zerbitzuan parte hartzen duten umeek jolas giroan, hainbat jarduera, tailer eta ekintza egingo dituzte.

  • UDAKO KIROL KANPAINA

Udako kirol kanpaina HHtik batxilergora arteko lazkaotarrei zuzenduta egongo da. Ekainaren 25ean hasiko da kanpaina, eta uztailaren 20an amaituko da. Ikastolan banatuko dira kanpainari buruzko informazio orriak, eta izen emate orriak kiroldegian entregatu beharko dira. Ikastaroei dagokionez, aurten berrikuntza bat egongo da: “Kirolanitza” ikastaroa. Ikastaro honek egunean bi orduz kirol desberdinak egiteko aukera ematen du, kirol bakarra egin ordez.

Honakoak dira aurten eskainiko diren ikastaroak:

  • HH eta LH: Haurtxoen igeriketa, igeriketa, irristaketa, tenisa, aerobic tikia,
    gimnasia erritmikoa, arku tiraketa, zunba txiki, eskupilota, pala-frontenisa,
    mendiko bizikleta, eskalada, triatloia, piraguismoa eta kirolanitza.
  • DBH eta batxilergoa: Piraguismoa, funkya, pilates gazte, ziklo indoor. (* LH6koek (2006an jaiotakoek) ikastaro hauetan izena emateko aukera dute).