Indarkeria jasan duten bederatzi emakumek lehen pertsonan kontatutako testigantzak jasotzen ditu “Volar” dokumentalak.

Emakundek sustatutako lana da, eta hainbat helburu ditu: indarkeria egoeren atzean zer ezkutatzen den azaleratzea, indarkeria horrek emakumeengan eta haien inguruan zein eragin izan ditzakeen bistaratzea, eta aldaketarako gai izan daitezkeen gakoak zabaltzea. Indarkeria jasaten duten emakumeen aniztasuna ere islatu nahi izan du Emakundek film honekin.

Lazkaoko Udalak dokumentala eskuratu du eta herritarren eskura jarri du. Ikusi nahi duenak, liburutegian eskatu dezake maileguan hartzeko.

Bizitako indarkeria egoerek emakume bakoitzaren bizitza nola eta zenbateraino baldintzatu duen ikusi daiteke dokumentalean. Beraien artean loturarik ez duten emakumeak dira, bizileku eta bizimodu ezberdinetakoak. Arkitekto bat, unibertsitateko irakasle bat, garbitzaile bat, idazkari bat, gaztelaniako irakasle bat, historialari bat, pertsona helduak zaintzen dituen emakume bat, ikasle bat eta lan boluntarioak egiten dituen emakume bat dira protagonistak.

Landetxe batean elkartuta, egunerokotasunetik eta beraien ingurutik urrun, bakoitzak bere bizipenak kontatzen eta konpartitzen ditu gainerako protagonistekin. Denek baieztatzen eta azpimarratzen dute gizarteak ez dakiela, eta ez duela imajinatzen, zer den indarkeria sufritzea.
Beraien bizipenak kontatuta, egoera horretan dauden emakumeei laguntza ematea eta aitorpen bat egitea da protagonisten helburua.

Bertha Gaztelumendik zuzendutako dokumentala da “Volar”, eta 2017ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten.