San Prudentzio festak direla-eta, plazako aparkalekua hustu egingo du Lazkaoko Udalak. Eremu hori barrakak jartzera bideratuko da aurten ere, eta horretarako aparkalekua hustu behar da.

Larunbatean hasiko dira eremua hesitzen (apirilak 14), eta ordurako autorik ez egotea eskatzen da. Astelehenerako (apirilak 16), ordea, aparkaleku guztia hustuta egon behar da. Astelehentik aurrera, udaletxe ingurura autoz gerturatu nahi duenak kiroldegitik egin beharko du. Elosegi kaleko sarbidea itxita egongo da, zamalanetarako izan ezik.

Maiatzaren 3ra arte egongo da aparkalekua itxita. Beraz, apirilaren 14tik maiatzaren 3ra arte, inguru horretan jarriko diren seinaleei kasu egiteko eta errespetatzeko eskatzen da udaletik.